cjn - ngk


ZER DA NAFARROAKO GAZTE KONTSEILUA?

Nafarroako Gazte Kontseilua Nafarroa osoko gazte elkarteek osatutako entitatea da. Mota askotako elkarteak barne hartzen ditu, hala nola: aisialdikoak, politikoak, erlijiosoak, sindikalak, e.a.

Gazte elkarteen arteko harremanak 1984an hasi ziren; ordurako, gazteriaren gaien gaineko interesa zegoen, gazteen gaiei buruzko kezka nabaritzen zen. 1986an NGK sortu zen (1986ko apirilaren 16ko 110/1986 Foru Dekretuari esker) eta urtebete ondoren, batzar eratzailea.

Azpimarratzeko moduko bi alderdi daude: NGK elkarteek egindako presioagatik sortu zen eta autonomoa da, alderdi politiko eta administrazio publikoekiko independentea.



NAFARROAKO GAZTE KONTSEILUKO FUNTZIOAK

    Administrazioaren, gazteen eta gazte elkarteen arteko bitartekari izan.
    Gazte elkarteak bultzatu eta Nafarroan gazte talde, elkarte eta sareak sustatu.
    Elkarteei prestakuntza eskaini, gazteentzat eta elkarteentzat interesgarriak diren gaien gainean.
    Gazteen eta elkarteen eskubideak zaindu.
    Gizarte partaidetza hobetzeko eta bultzatzeko lanean aritu.
    Gazteei eragiten dieten erabakietan gazteen partaidetza bermatzeko jarduerak sustatu.

ZER EGIN BEHAR DUZU GAZTE KONTSEILUKO KIDE IZATEKO?

Gazte elkarte bat bazarete eta NGK-ko kide izan nahi baduzue, Nafarroako Gobernuaren Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Elkarteen Erroldan eman behar duzue izena.

Batzar Orokorrean hitza eta botoa izateko, beharrezkoa da elkarte batek 50 kide baino gehiago izatea. Baldintza hori betetzen ez duten elkarteek ere parte har dezakete: hitza izango dute, baina botorik ez.

Norbaitek batzorderen batean parte hartu nahi badu, bilerak noiz izango diren jakin eta lanean has daiteke bere ezagutza eta denbora eskainiz.

NAFARROAKO GAZTE KONTSEILUKO LAN-ARLOAK

    OSASUN ARLOA
    Arlo honek urte asko darama osasuna sustatzeko lanean, bai gazteekin, bai gazte elkarteekin, eta baita Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin ere.
    Tailer erraz eta dibertigarrietan eta prestakuntza jardueretan parte hartzeko aukera ematen du. Zuen esanetara gaude osasuna sustatzeko bururatzen zaizkizuen jarduera guztietarako. Urtero egiten ditugun kanpaina eta programa guztietan ere parte har dezakezue.
    Honako gaiak lantzen ditu: sexu-hezkuntza, GIB-HIESa, drogak eta prebentzioa, gizarte trebetasunak eta komunikazioa, publizitatea eta kontra-publizitatea eta osasunerako hezkuntza.
    Nabarmentzeko modukoak dira Emakumeari Laguntzeko Zentroekin elkarlanean egiten den 'GOZAMENEZ' kanpaina eta urtero ateratzen den doako AGENDA OSASUNGARRIA.
    Hainbat material ere eska diezagukezue: bibliografía, bideoak, foileto berri-emaileak, joko elkarreragaileak, mahai jokoak, erakusketak, e.a.
    ELKARTEGINTZA ARLOA
    Arlo honen helburuak honakoak dira: partaidetza eta elkarteen mugimendua sustatu eta elkarte-sareak sortzea. Horretarako, aholkatu, lagundu eta informazioa ematen du, bai dagoeneko sorturik dauden elkarteei, baita elkarteak sortu nahi dituzten pertsonei ere.
    Horrez gain, elkarteentzat baliagarria izan litekeen edozein informazio eta baliabideren berri ematen du, hala nola diru-laguntzei eta elkarteak finantzatzeko beste modu batzuei buruzko informazioa.
    KONTSUMO ARDURATSUA ARLOA
    Kontseiluko lan arlo berria da; bere xede nagusia bizi garen gizarte kontsumista honek gizartean eta ingurumenean duen eraginaren aurrean jarrera kritikoa sustatzea da, denok integratuko gaituen bizitza-eredu iraunkorra lortu ahal izateko.
    EUSKARA ARLOA
    Arlo honen helburua Nafarroako Gazte Kontseiluak eta gazte elkarteek antolatzen dituzten jardueretan eta funtzionamenduan euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea da. Horretarako, alor bakoitzerako hizkuntza normalizazio plan bat lantzen da . 'Bai Euskarari' konpromisoa sinatu dugu.





: taldeen jarduerak :




ngk-cjn copyleft ©
egina gimp, quanta, php, mysql, GNU/Linux, diseinua m81