|
|
Emakume martxa 2005 www.emakumemartxa.org/
|
Milaka dira emakumeok mobilizatzeko eta batzeko ditugun arrazoiak. 2000. urtean, mundu osoko emakumeok gure aldarrikapen feministak kontuan izan eta beste mundu bat eraikitzea posible zela errebindikatu genuen. Lau urte hauen ondoren, berriro mobilizatu eta egindako aldarrikapenetatik proposamen zehatzetara egin dugu salto.
2005eko Emakumeen Martxarako Euskal Herriko Plataforma osatu dugun emakume talde, erakunde feminista eta norberaren izenean parte hartu dugun emakumeok emakumeekiko bortizkeria eta pobrezia uxatzeko lan egiten duen mundu mailako sarearekin bat egiten dugu.
Gure etorkizun kolektiboa demokratikoki eta eskusartzerik gabe erabaki nahi dugu, mila eta bat koloreko jendarte batean.
Balore eta filosofia feministak egingo ditugun ekintza eta lanak bustitzea nahi dugu eta gure antolakuntzaren aitzindaritza emakumeon esku egotea.
Asko egin da emakumeon eskubideen alde, asko dugu oraindik egiteke. Sexuen arteko botere erlazioek gizarte egitura definitzen dute eta honen ondorioak bizitzaren eremu guztietan islatzen dira: bazterkeria, indarkeria, ezikusitasuna. Emakumeon Mundu Martxak egoera honetan eragin nahi du, emakumeok proiektu komun baten ildotik mugituz, aukerak proposatuz. Ilusio iturria bihurtu da, bizi ditugun arazoei aurre egiteko, geure eskubideak indarrez aldarrikatzea modurik onena baita.
Gure Web orrialdean sartu zara. Bertan, informazio, baliabide eta lan proposamenak aurkituko dituzu. Eraiki ezazu gurekin martxan gauden emakumeon sarea, askatasunerantz abiatzea zure eskuetan ere badago.
|
|
|
|